XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

A) Heriotzak historiarik ba al du?

Gizakien Historian heriotza aldaezina izan da, baina gezurra badirudi ere, etengabeko eboluzioa izan du. Heriotza, izan ere, iruzur egiterik ez dagoen eta misterioz inguraturik dagoen unea da. Denboran zehar beste mundura heltzeko ate gisa hartu izan da eta Paleolitoaz gero gizakien adimenean zirrara eta kezka handiak sortarazi ditu.

Horien ondorio dira hildakoa beste mundura errazago hel dadin, hildakoaren loturak aska daitezen edo bizirik dirautenek hildakoekiko beldurra baretzeko heriotzaren inguruan burutzen diren laguntza-ekintzak. Garaiaren eta lurraldearen arabera errito horiek desberdinak izan badira ere, heriotzari buruz egin beharreko edozein gogoetaren oinarrizko corpusa dira.

Dena den, errito horiek analizatu eta ulertzea ez da erraza; askotan aspaldiko ondarea islatzen duten oso sistema konplexuak baitira. Sistema horiek aro kristaua baino lehenagokoak ziren eta Europako nekazari gehienek betetzen zituzten, baina horien berri ez digute elizetako, hilerrietako eta komentuetako aztarna arkeologikoek ematen; ezta elizetako sermoiek eta apezpikuek beren sinodoetan emandako legeek ere.

Euskal Herrian, beraz, R. M. Azkue folklorezaleak, J. M. Barandiaran antropologoak eta beste zenbaitek hiltzear zegoen herri-kultura zaharraz, usadioez, erritoez eta sinesteez jasotakoan oinarritu beharko dugu.